lunes, 9 de febrero de 2015

Aktorea ez dirudien aktorea

Aktorea ez dirudien aktorea 

-Hola.

-Hola.

Ez genion ezer gehiagorik esan elkarri.

Antonio Molero Toledoko herri batean jaio zen, Ajofrin izenekoa. Herria bi mila biztanle ingurukoa da. Antonio Molero aktorea da eta hainbat telesail, pelikula eta antzezlan interpretatu ditu. Antzeztu dituen pertsonai famatuenak Poli edota Fiti izan dira. Telesail ospetsuetarikoetan eta Espainian audientzia gehien izan duten telesailetan lan egin du. Adibidez: “Mediko de familian” eta “Los Serranon”.

Arriagako antzokian geratu ginen. Kamerinoen bidean geunden; korridore estua eta luzea zen. Ateak txuri kolorekoak ziren eta isiltasuna agerikoa zen. Ez zegoen inor gehiago, baina bat-batean alde batetik bestera jendea pasatzen hasi eta horien artean Amparo Larrañaga edota Kira Miro agertu ziren (Antonio Molerorekin “El Nombre” antzezlana egiten ari baitziren).

Antonio Moleroren kamerinoa laugarren ate zuria zen. Gela txikia zen, baita leihoa ere; armairu bat, chesloon horietako bat, mahaia eta hara! Argiak piztu eta han “izar” guztiek erabiltzen dituzten ispilu berbera iluntasunetik agertu zen. Kanpoan hotza egiten zuen, baina han hainbeste argirekin beroa nabaritzen hasi zen. Seriotasunez hasi gara berbetan.
Antonio Molero antzezlan bat aurkezten zegoen Bilbon, “El Nombre” izenekoa. Antzezlan hau Madrilen sei hilabetez egon da Teatro Maravillasen.

- Telebista ez da antzerkia bezalakoa. Antzerkian, eszenatokian eta eszenatokiaren atzeko partean zeure lankideekin bizi zara. Antzerkian, hotelean, batera afaltzen dugu, baina telebistan ez. Telebistan soilik platoetan egoten zara. Ondoren, norbaiten berri izan nahi ezkero, agian, berarekin geratzen zara, baina ez da berdina izaten.

Antzerkia asko maite dut, pertsonai ezberdinak egiteko aukera eskaintzen duelako. Pintore batek bere paletan kolore ezberdinak ditu, baina beti kolore urdina eta marroia erabiltzeko eskatzen diote. Bi kolore horiek erabiltzeaz nazkatu da eta paletan dauden beste koloreak erabili nahi ditu. Esan beharra dut oso ondo erabiltzen ditudala bi kolore horiek, baina denbora asko daramadalako horiek erabiltzen. Antzerkiak aukera hori eskaintzen du. Nahi dituzun kolore guztiak erabili ditzakezu.

Zein da gehien gustatzen zaion generoa galdetzerakoan, berak, dudarik gabe eta ziurtasun osoz, antzerkia dela azaltzen du. Hankak gurutzaturik eta besoaz burua heltzen zuen bitartean, antzerkia, antzerkia, antzerkia hiruzpalau aldiz errepikatu zuen.

- Antzerkia da utziko ez nuen bakarra. Lasai asko telebista edota zinerik gabe bizi naiteke, baina antzerkirik gabe ez. Antzerkiak duen puntu masokista horren menpe nago. Oholtzara ateratzen zarenean zer gertatuko den ez duzu espero eta ez duzu inongo ihesbiderik.

Berak azaltzen zuen moduan, antzerkia gehien gustatzen zaion generoa dela konturatu nintzen. Lasaiago egiten du lan eta telebistan hainbat arazo eta egoera ezberdin bizitzea tokatu zaio.

“Mediko de familia” telesaioan Poli-ren pertsonaia antzezten zuen. Hasiera batean Juani-ren mutil-laguna zen, baina azkenean ezkondu egin ziren. Lanik ez zuen aurkitzen eta edozein obra txiki burutzen zuen. Ondoren, beste hainbat lan ezberdinetan aritu zen eta gora-behera ezberdinak izaten zituen. Telesail honengatik 1997. urtean aktore-zerrendan antzezle onenaren saria lortu zuen.

“Los Serrano” telesailean Fructuoso Guillermo Martínez Carrasco Lavín, "Fitiren” pertsonaia antzezten zuen. Protagonisten lagun hoberena zen. Bere emazteak Candela zuen izena eta bere semeak, Raul.
Telesail hauetan izugarrizko garrantzia hartu zuen aktoreak eta bere pertsonaiek gizartean eragin handia izan zutela atzeman zuen.

- Jende guztiari Antonio Molero naizela azaltzen saiatu nintzen, baina pertsonek telebista ikusten dute eta ez dute zeure izena ikasten. Hasiera batean horren kontra agertzen nintzen, baina orain haserretzeak ez du inongo zentzurik.

Haserretu egiten al  zinen? Ez al  zenuen gustuko?

- Ez nuen telebistaren dimentsioa ulertzen. Ez nuen ulertzen nolako indarra zuen, ezta pertsonek nola nahastu zezaketen errealitatea eta fikzioa ere. Honekin batera, ni aktore bat naizela ulertzea, eta kaletik noala ez daukadala zertan “mayormente” esan beharrik. Azkenik, ni nintzela ulertzen ez zuena pentsatu nuen eta ezin niela espainiar guztiei lezioak eman.

Pertsonai ezaguna izatea ez nuen ongi eraman. Nire lehenengo urteak infernu bat izan ziren. “Médico de familia” telesailaren lehenengo eta bigarren urteak oso oldarkorrak izan ziren. Niretzako oso oldarkorra zen kalera irtetea eta mundu guztia zeuri begira edukitzea, ukituz eta hitz eginez. Neuri behatzailea izatea gustatzen zitzaidan eta ez behatua izatea.

"Neuri behatzailea izatea 
gustatzen zitzaidan eta ez 
behatua izatea"

Ulertzen dut aktoreak ezkutatzen ibiltzea. Ni ere hala ibiltzen naiz. Ordu zehatzetan eskolen atetik ez naiz pasatzen, ezta metroan sartzen ere. Zenbait egoeretan ihes egiteko abilezi berezi bat eskuratzen duzu. Gaur egun dauden aktore gazteak kontuz ibili beharko dira.

Zein da gehien markatu zintuen pertsonaia?

- Ez dakit, ez dakit, ez dakit...

Hainbat alditan errepikatu zuen. Lau edo bost segundoko isiltasuna eman zen. Nahiz eta momentu hartan minutuak ziruditen.

- Zein maite duzun gehien esatea bezala da. Pertsonai guztiak garrantzitsuak izan dira, bidai ahaztezinak bezala. Pertsonai guztiek izaten dituzte beraien momentu onak eta txarrak, baina berdin maite behar dituzu, umeei bezala.

Barre txiki batekin amaitu zuen bere erantzuna eta bere begiek, pertsonai bat aukeratu behar ez zuela irudikatzen zuten. Esan dezaket, telebista gustuko ez zuelako beharbada, ez zituela ez Poli ezta Fiti aukeratu behar.

Umeak aipatu ditu erantzun honetan. Berak bi ume ditu eta eurez hitz egiterakoan barreak hasi dira. Bere alabak lau urte eta erdi ditu, eta semeak, hamabi. Bere bizitza pribatuan oso diskretua da, baita eskolan umeekin ere. Biran dagoen momentuetan familia urrun dauka, baina ahal duenean bere semeak berarekin eramaten ditu eta kamerinoetatik atzera eta aurrera korrikan ibiltzen dira. Ez bera bezala…

Antonio Molerok txikitan bizitako momentuak basati xamar eta mugimendurik beteaz gogorazten ditu. Oso ume bihurria zen.

1846. urtean Pascual Madozek idatzitako “Diccionario geográfico-estadístico-histórico” hiztegian Ajofrín herria deskribatzen zen: “Forma el cuerpo de la pob. 403 casas, entre las que se hallan algunas casi arruinadas; su construcción es poco sólida, la mayor parte de tierra, y las hay con piso alto que sirve para granero”. 100 eta piko urte beranduago, Antonio Molerok, ume bat zen garaietan, berdin gogoratzen zuen.

- Ume arrunt bat nintzen, familian artistarik ez dut izan. Ume bihurri bat nintzen. Gauza asko puskatzen nituen, baita arropak ere. Egun guztia kalean igarotzen nuen, kontxo! Herri bat zen. Etxean jaio zen azkenengo umeetarikoa izan nintzen, gerora ospitaletan jaiotzen ziren. Ibiltzen nintzen kaleak asfaltatu gabekoak ziren, baina oso gazte joan nintzen.

Bi motatako burmuinak daudela esan ohi dute; sortzailea eta arrazionala. Betidanik burmuin sortzailea izan dut. Marrazketan eta eskulanetan oso trebea naiz. Oso ondo marraztu izan dut. Beno, oraindik ere marrazten badakit.

Nire lehen antzerki lanak eskolan egin nituen txikia nintzenean. Garai horietan ez nuen seriotasunez hartu. Unibertsitatera heltzerakoan, bai. Antzerkiko irakasle on bat izan nuen eta bertan benetako klaseak ematen genituen, prozesu eta pedagogia batekin. Inprobisatzen hasi nintzen, baita antzerki obrak sortzen ere. Hiru edo lau obra egin genituen, eta Espainian eta Espainiatik kanpo aritu ginen lanean.

Antzerkia eta kirola aldi berean egiten nituen, nik kirol irakasle izan bainuen. Alde batetik, antzezlanak entseatu egiten nituen eta, bestetik, entrenamenduetara joaten nintzen.

Futbola asko gustatzen zaio. “El Club de la Comedian” egindako bakarrizketan ere futbolari egiten dio erreferentzia. Bera Athletic taldearen zalea da eta bere emaztea, berriz, errealzalea. A ze nolako “pikeak” izango dituzte derbyetan.

- Bilbon asko maite naute. Athleticeko zalea nintzela jabetu zirenean izugarrizkoa izan zen. Askotan gonbidatzen naute San Mamesera. Futbolean lesioak izan nituen; meniskoa apurtu nuen, baina hau seriotasunez aritzen ez nintzenean gertatu zen. Futbolean 18-20 urte arte serio aritu nintzen eta hura dramatikoko eskolan gertatu zitzaidan. Gauetan jolastokira jaisten ginen, badakizu, berotu gabe eta forman egon gabe, meniskoa apurtu nuen. Garai hartan 25 urte nituen.

Lesio honetaz aparte, “La daga de Rasputín” pelikula filmatzen ari zirenean, leiho bat puskatu eta oihuka hasi behar zen, baina ez zen hori gertatu. Leihotik erori eta besoa eta zenbait saihets-hezur hautsi zituen.

Lau urte igaro zituen arte dramatikoko eskolan. Bertan hainbat pertsona ezagunekin ikasten aritu zen. Bere promozioko kideak Goyo Gimenez bakarrizketatzailea edota Eduardo Noriega aktorea izan ziren.

- Aktorea izatea jolasteko aukera ematen duen eremua dela esango nuke. Nerabezaroan umea izateari utzi behar diozu, gizon bat izatera pasatzeko. Gizon bat zara eta tontakeriak egiteari eta jolasteari utzi behar diozula errepikatzen dizute. Beraz, nahiz eta heldua izan, aktorea izateak, jolasteko eta tontakeriak egiteko aukera eskaintzen dizu. Nire ustez, aktore lanetan geroz eta gehiago jolastu, geroz eta eragin handiagoa du. Aktorea zarenean joko bat izango balitz bezala hartu eta asko ez intelektualizatu ezkero, hobe. Gehiago disfrutatzen da.

Aktorea ez dirudien aktorea naiz. Nire lana eta bizitza pribatua oso ondo berezituak ditut. Iturgin bat, lanetik atera eta gero, bere etxera heltzerakoan ez da etxeko iturriak konpontzen hasten. Beraz, ni neu ere ez. Lana eta bizitza pribatua ondo bereizita ez baduzu beste pertsona batean bihur zaitezke. Nik bereiziak ditut biak.

"Lana eta bizitza pribatua ondo bereizita ez baduzu beste 
pertsona batean bihur zaitezke"

Pertsona sinplea zela zirudien. Umorea albo batean mantendu zuen, antzezten duenerako utziz. Antonio Molerori gauzak pentsatzea ez zaio asko gustatzen, ezta dena antolatuta izatea ere. Normalean gauza guztiak azkeneko momenturako uzten ditu.

- Aktorea izatea ez da festetara joatea soilik. Bai, festa asko egin ditugu, baina festa ezberdinak daude eta lasai egoteko momentu batera heltzen zara momentu batean, heldutasun batera, familia bat izanik. Bizitza normal batean bezala. Hau etxean ibiltzearen berdina da. Jendeak pentsatzen du yateak, izugarrizko festak edota orgiak egiten ditugula, “Pero es que no, no es así, coño!”. Nire lagunek ez dute yaterik.

Kritikak jasotzen dituenean ez zaizkio bat ere gustatzen eta onak direnak soilik irakurri edota onartzen ditu. Nahiz eta kritika horiek konstruktiboak izan, berak lehenengo aukeran ezezkoa ematen du. Behin eta berriz galdetuz, azkenean “bueno” esan eta momentu zehatz batean kritika txar batetik zerbait atera bazitekeen aterako zuela erantzun zuen, baina orokorrean ez. Honekin batera, sare sozialak ez zaizkiola gustatzen azaldu zuen, anonimotasunean izugarrizko gauzak esan daitezkeelako. Seriotasunez erantzuten die galderei. Inongo zalantzarik gabe.

Batzuek, gaur egun sare sozialetan presentzia ez baduzu, existitzen ez zarela azaltzen dute. Baina Antonio Molero sare sozialen kontra agertzen da. Gerta daiteke egunen batean  perfilaren bat irekitzea Twitterren edota Facebooken.


- Pertsona ospetsua izaten eta bizitza pribatua banatzen jakin behar da. Errealitatean pertsonei ez zaie bat ere inporta zein zaren. Ni ez naiz pailazo bat, eta izango banintz ez da ezer gertatzen, baina pertsonek telebistan egiten duzun berdina egitea espero dute. Jaun andreok, telebistan dena pentsatuta dago eta dena gidoi bat da. Zorionez, eguneroko bizitzan ez naiz pertsona berdina. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario